Kardinal nepote

Pietro Ottoboni, azken Kardinal nepotea, Francesco Trevisanik margotua.

Kardinal nepotea (latinez: cardinalis nepos[1]; italieraz: cardinale nipote [2]; gazteleraz: valido de su tío; frantsesez: prince de fortune[3]; ingeleraz: Cardinal-nephew) aita santu batek kardinal izendatutako ahaidea da, orokorrean bere iloba. Kardinal bat izendatzeko ahaideak erabiltzea Erdi Aroan hasi zen, eta XVI. eta XVII. mendeetan izan zuen bere momenturik gorena[4]. Nepotismo hitza praktika honen garapenarekin hasi zen, eta hasieran bakarrik aita santuen senideei egiten zien erreferentzia. Hala jasotzen da 1669an Oxford English Dictionaryn.[5] Avignoneko Aitasantutzaldiaren erdialdean (1309-1377) hasi zen eta Inozentzio XII.aren nepotismoaren aurkako buldaraino (Romanum decet pontificem, 1692) aita santu batek kardenal-nepote bat ez izendatzea arraroa zen.[6] Berpizkundeko aita santu guztiek Kolegio Kardinalizioan kardinalak sortzen zituztenean, euren ahaideren bat sartu zuten, eta normalean beren iloba izaten zen aukerarik ohikoena.[7] Salbuespen bakarra Nikolas V.a izan zen, bere anai-ordea zen Filippo Calandrini izendatu zuena, 1448an.[7] Alexandro VI.ak bere semea jarri zuen kardinal.

Kardinal nepotearen instituzioak zazpi mendetan zehar aldaketak izan ditu, aita santuen garapenaren historian eta aita santu bakunen jarrera eta estiloen araberakoa. 1566tik 1692ra bitartean kardinal nepote batek Erromako Kuriaren idazkaritza zeraman, Estatu Eklesiastikoaren Superintendente titulua zuen, baina Kardinal Iloba izenarekin ezagutzen zen. Askotan, gainera, bi terminoak zentzu berean erabiltzen ziren. Kuridaren bulegoaren eta Kardinal Ilobaren instituzioaren boterea eta, beraz kardinal-nepoteena, gainbeheran egon zen Kardinal Estatu Buruaren boterea hazi zenean eta Kardinal Iloba eta aita santuen botere tenporala geroz eta txikiago bihurtu zirenean, XVII. eta XVIII. mendetan zehar.

Kardinal nepote gisa hasi zirenen artean gutxienez hamabost, eta litekeenez hemeretzi aita santu daude:[8]

(Gregorio IX.a, Alexandro IV.a, Adriano V.a, Gregorio XI.a, Bonifazio IX.a, Inozentzio VII.a, Eugenio IV.a, Paulo II.a, Alexandro VI.a, Pio III.a, Julio II.a, Leon X.a, Klemente VII.a, Benedikto XIII.a, eta Pio VII.a; baliteke ere Joan XIX.a eta Benedikto IX.a izatea, kardinal gisa izendatu bazituzten; Inozentzio III.a eta Benedikto XII.a ere izan zitezkeen, baldin eta euren izendatzaileekin ahaidetza balute). Gainera antipapa bat ere (Joan XXIII.a antipapa) kardinal nepotea izan zen. Karlos Borromeo, Guarinus Palestrianoa eta Anselmo Luccakoa (baldin eta kardinala izan bazen) kardinal nepote izatetik santu izatera pasa ziren.

« Fabio Chigi gisa, familia nuen. Alexandro VII.a gisa ez dut bat ere. Ez duzu aurkituko nire izena Sienako bataio erregistroetan. »

—Alexandro VII.a, 1655. Bi ahaide kardinal nepote gisa izendatu zituen 1657an

  1. Cardinale, Hyginus Eugene. 1976. The Holy See and the International Order. Maclean-Hunter Press. 133. or.
  2. Burckhardt, Jacob, and Middlemore, Samuel George Chetwynd. 1892. The Civilisation of the Renaissance in Italy. Sonnenschein. 107. or.
  3. Signorotto and Visceglia, 2002, p. 114. Gaur egungo literaturan "cardinal-neveu erabiltzen da"
  4. Bunson, Matthew. 1995. "Cardinal Nephew". The Pope Encyclopedia. Crown Trade Paperbacks. ISBN 0-517-88256-6.
  5. Il Nipotismo di Roma, or, The History of the Popes Nephews: from the time of Sixtus IV, anno 1471, to the death of the late Pope Alexander VII, anno 1667. 2003ko iraila. "Nepotism"
  6. Inozentzio XII.aren aita santutzara arte, salbuespenak ziren kardinalik izendatu ez zituzten Pio III.a, Martzelo II.a, Urbano VIIa, Leon XI.a eta kardinal bakarra izendatu zuen Adriano VI.a.
  7. a b Vidmar, John. 2005. The Catholic Church Through The Ages: A History. Paulist Press. ISBN 0-8091-4234-1. 170. or. 15th Century (1404–1503)
  8. S. Miranda: 1127ko konsistorioa

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search